Hiru probintzietako CPTSk sokorritzaile lehen jestuen ikasteko ikastaroa proposatuko du Donapaleun apirilaren 25 eta 28an. Jende anitzek ez dituztela menperatzen ohartu dira. Alta sokorritzaile hurbilenengandik urrun gertatzen dira, usu, istripuak.
Hiru probintzietako CPTS egiturak sokorritzaile lehen jestuen ikasteko ikastaroa proposatuko du Donapaleun apirilaren 25 eta 28an, ibiakoitz goizez eta astearte arratsez. Bi saio horietan, urgentziazko egoera batean nola erreakzionatu biktima baten salbatzeko ikasiko dute parte hartzaileek. Donapaleuko suhiltzaileek dituzte lehen erreflexu horiek irakatsiko.
Ohartarazte kezkagarri baten ondotik sortu da xedea: jendarteak ez ditu ezagutzen beharrezkoak diren jestu horiek. Barnekalde honetan, usu sokorritzaileengandik urrun bizi gira, eta istripu bat edo urgentziazko egoera baten aitzinean gelditzen girelarik, distanzia hilgarria izaiten ahal da. Sokorritzaileek jiteko denboran eta itxoiteko denboran, jestu batzuk erabakigarriak izaiten dira biktimak salbatzeko.
CPTSak sentsibilizatu behar horri erantzuteko gisan, zortzi oreneko ikastaldia plantatzea erabaki du. Bi partez zatiturik, bakoitza lau ordukoa, hamar bat parte hartzailek zerbait gertatzen delarik, nor deitu eta zer egin behar den ikasiko dute.
112, 17, 18, 15... Hainbat zenbaki, hainbat erabilpen desberdinekin, usu menperatzen ez ditugunak. Bakoitzak erabilpen desberdin bat badu, eta nahiz eta hezkuntza sisteman ikasi, informazioak ahanzten ditugu eta ustekabeko baten aitzinean gelditzen girelarik panikak ez gitu laguntzen.
Bihotz geldialdiaren aitzinean zer eginen zenuke? Odol galtze handiaren aitzinean? Erredura? Traumatismoa? Trenpu sartzea? Edo oraino konzientzia galtzea? Nor deitu, zein informazio eman telefonoan, biktimak eta bere burua babestea, edota jestu sinple batzuk... Hara zer ikasiko duten ikastaro hortan.
Apirilaren 25ean, ibiakoitz goizez, izanen da ikastaroaren lehen partea, lau ordukoa, eta apirilaren 28an, astearte arratsez bigarrena, Donapaleuko osasun etxean. 30€ko parte hartzea galdegina izanen da. Izen emaiteak info@cpts3p.com edo 05.54.60.01.50 zenbakira. Ekainean Bankan eta Atharratzen ere eskainiko dituzte saioak.