Baigorri (Baxe Nafarroa)

Sortu denetik, Iturritik elkarteak hemeretzi tona hondakin bildu ditu erreketan

Helburua da Urepeletik Arrosa artean, erreka handi eta ttipi guzien garbitzea. Eta hemeretzi tona horiek bakarrik bi herritakoak dira.

Sortu denetik, Iturritik elkarteak hemeretzi tona hondakin bildu ditu erreketan
Iturritik elkarteko Pantxo Florez - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/04/15 10:38

Iturritik elkarte hau sortu zen 2023an Aldude ibarreko erreken garbiketa egiteko. Eta hastapen hortan urtean behin erreka garbiketa bat antolatzen zuten. Bainan jaz erabaki zuten hilabeteko lehen igande guziez garbiketa egitea. Sortu denetik, 18 garbiketa egun egin dira, eta orotarat 19 tona zikin bildu, Pantxo Florez iturritik elkartekoa : “hasi ginelarik, ez ginuen uste hainbeste zikinkeri bilduko ginuenik”. 

Gaineko bi herriak egin ondotik, orai Bankan hasi dira garbiketa egiten, beti ber moldean, iturburuetarik Errobi erreka lodienera. Ardurenean aspaldiko ondakinak dira, Pantxo Florez : “lehenago zilo bat egiten zen etxe ondoan, eta zikinkeriak hor botatzen ziren. Eta orain ama lurrak hondakin horiek berriz goiti ekartzen ditu”

Neguko 4 hilabeteetan erreka barnean ez dute garbiketarik egin, arrainen ugalketa sasoina ez trabatzeko. Bainan hemendik aitzina beraz hilabeteko lehen igande guziez garbiketa berriz hasiko dute, eta ondoko 4 igandetan Bankan izanen dira.

Jakin eskukaldi bat eman nahi duen orori idekia dela elkartea. Sare sozialetan Iturritik izena idatziz aurkituko duzue informazio guzia.

Eta jakin ere kamionetako ezantza eta izaiten ahal diren beste gastuentzat tee shirt-ak saltzen dituela elkarteak, besteak beste Nafarroaren egunean salgai izanen direnak.

Interesgarri izanen zaizu