Igande huntan iragan da txapelketa Baigorrin. 20 bat parte hartzaileen artean nagusitu dira Stéphanie Laforet eta Jil bere xakurra. Bigarren tokian gelditu dira Juan Miura eta Luk xakurra. Bi bikoteak Oñatiko munduko txapelketara joanen dira.
Euri uharrek eta ortzantzak ez dute Iparraldeko artzain xakur txapelketa geldiarazi. 200 bat pertsonen aitzinean, 20 bat artzain eta beren xakurrak lehiatu dira igande huntan, goizean hasiz. Lehen zortzi hoberenak arratsaldeko ariketendako sailkatu ziren, eta horien artean lehen lauak azken lan batzuendako.
Hiru itzuli horien ondotik, Stéphanie Laforet Irisartarra eta Jil bere hiru urteko xakurra nagusitu dira. Horien gibeletik arribatu dira Juan Miura Heletarra eta hamar urte dituen Luk xakurra. Usaian bezala, border collie arrazakoak dira bi irabazleen xakurrak, eta Baigorrin ziren gehienak ere hala ziren.
Urtero bezala, lehen bi bikoteak kalifikatu dira Oñatiko txapelketan parte hartzeko. Hitzordu famatua da Oñatikoa, munduko txapelketa bezala kontsideratua baita. Stéphanie Laforet-rendako lehen aldia izanen. Juan Miurak aldiz, parte hartzeko parada ukan zuen jadanik azken urteetan. Buruila hondarrean iraganen da. Horretaz gain, txapelduna eta txapeldun ordea kalifikatu dira ere agorrilaren 15ean iraganen den Amaiurko txapelketarendako.
50. Iparraldeko artzain xakur txapelketa zen igande huntakoa, eta lehen aldia zen Iparraldeko artzain xakurren elkarteak antolatzen zuela. Hala ere, antolatzaile berriek nahi izan dituzte omendu Zaharrer Segi pilota batasuneko lehendakari ohiak, 49 urtez pilota klubak baitu antolatu hitzordu hau.
Stéphanie Laforet eta Juan Miura Baigorrin igande huntan. IRULEGIKO IRRATIA
Arratsaldeko ariketen ondotik atera den sailkapena:
Stéphanie Laforet
Juan Miura
Gilbert Argain
Roger Jauretche
Jean-Paul Iriquin
Jean Acheritogaray
Antton Haramboure
Marcel Hualde