Suaren besta ibiakoitz honetan iraganen da Lehuntzen, Pirotek enpresak antolaturik. Amikuzeko herri ttipian kokatzen da Ipar Euskal Herriko piroteknia enpresa bakar hori. Aurtengo uda gogorra kondatu dauku Paxkal Indo langileak, idorteer lotua.
Labetzen, biztanle bezainbat suziri... Amikuzeko herri ttipian kokatzen da Ipar Euskal Herriko piroteknia enpresa bakarra. Pirotek, 2024a arte elkarte zena urte hartako otsailean enpresa bilakatu zen, kooperatifa estatupean.
Modan da, azken urte hauetan, bakoitzak su artifizial ttipiak erostea, lagunaren urtebetetzearen ospatzeko asmotan. Alabaina praktika berri horiek piroteknia artetik desberdindu behar dira. Su artifizialak, preseski, amaturrek erabiltzen ahal dituzten suziri ttipiak dira. Piroteknia ikusgarrien plantatzeko profesionalek erabiltzen dituztenak ez dira su artifizialak, puxantago direla eta. Suziri horiek, amaturrendako egin behar ez den bezala, prefeturan deklaratu behar dira, baimen frango eskuratu eta papereria anitz hornitu. Adibide gisa, Paxkal Indo Pirotekeko langileak azaldu daukun bezala, Baigorri edo Maulen ikusten ditugun ikusgarrien plantatzeko, 30 orrialdeko txostena eman behar dute aldiro.
Bulegoko lan pisu hortik kanpo, atelierrean ere egitekoa dute Pirotekeko bost langileek. Uda honetan Labetzeko enpresak 150 ikusgarri ekoiztu ditu, eta bat baino mota gehiagorekin baliatuz. Usaian ikusten ditugun suziriez gain, ikusgarri musikalak sortzen dituzte, soinu efektuak bakarrik - Baionako besteen idekitzean bezala -, ikusgarri beteak edota sua botatzen duten tresnak badituzte ere, kirol zelaietan erabiltzen den bezala.
Aniztasun handi horri esker, gaur egungo sasoina ez da udan mugatua. Alabaina, uda urteko epe garrantzitsuena egonen da. Aurten, maluruski sasoi gogorra izan zakote. Udako idortea eta beroak Landesetako prefetura su guziaren ezeztatzera bultzatu dako. Azken minututako ezeztatze horiek profesionaler lana kaltetu dute. Suziriaren piztea baino lehen lan zama handiena jadanik egina baita aspalditik: txostena eta sorkuntza batez ere, eta galtzen dutelarik kontratua, denbora hori ez da sekulan ordaindua. Indoren arabera, zentzugabeko erabakiak izan ziren, arriskuak eta suhiltzaileen eskasa ez baititu estakuru ontzat jotzen. Hori dela eta, profesionalek sute bati aurre egiteko prestatuak direla azaldu dauku.
Sute baten pizteko guretako ez da arrisku aise handiagorik, bero ez delarik ere kasu eman behar dugu [...] sua pizten duenak itzaltzen jakin behar du
Uda ez bada uste bezala iragan ere, Pirotekeko ekipak sasoinaren bukaera behar den moduan ospatuko du. Lehuntzen, urriaren 18an, ibiakoitzez, Suaren Besta antolatzen dute bost kideek. Bi ikusgarri, hiru talde, bi ikastaro... bilan artistiko baten egiteko baliatuko dute besta. Nagusiki, Su Aparta ikusgarria aurkeztuko dakote publikoari: 22 minutuko sorkuntza, su eskujokari, txalaparta, pertsonaia bat, estilo desberdinetako musika... Koktel on horrez gain, kontzertuak eta txalapartaren eta junglatzen ikasteko ikastaroak. 18etatik goiti jateko eta edateko izanen dira, eta irabazi guziak Hegalak Eman elkarteari emanan dazkote, Ipar Euskal Herriko geriza familien laguntzeko haurrak kulturari lotzen, usu kulturaren ezagutzeko ez baitute parada.