Forma hauek biltzen dituen hitza « alokutiboa » da. Eta joan den abendutik, hilabetean bi aldiz ostiraletan, helduentzat mintza pratika saioak antolatuak dira Larzabalen.
Martta Lako eta Loreila Bordagarai dira mintza-saio berezi hauen eremaileak. Biek betidanik naturalki erabili izan dute ahozko hizkuntza mota hau, eta ikasteko gero eta galde handiagoa bazela ikusirik, alokutiboa lantzeko saioak proposatzea erabaki dute.
Martta Lako Oztibarreko ikastolako irakaslea da, eta alokutiboa egun guziez lanean ere erabiltzen du haurrekin. Funtsean Oztibarreko ikastolan hizkuntza-proiektuaren parte da, eta araberarako material pedagogikoa ere sortua dute.
Hastapenean beraz, alokutiboa ikasteko galdea buraso batzuen ganik jin zen. Eta hola ziren joan den urte hondarrean, helduentzat alokutibo saioak abiatu, taldea buraso eta nahiant guzier idekiz.
Saio hauetan ez da euskara “ikasgai” gisa lantzen, baizik eta mintza-praktika egiten da, solas eta jokoen bidez.
Lehen saioetan alokutibo formak nola idazten diren azaldua izan zen, idatzizko eta ahozko formak ez baitira berdinak. Loreila Bordagaraik adibide argi bat eman du: «Idatziz ‘guk egin dixigu’ idatziko dugu, baina ahoz ‘guk egin dixiu’ erranen dugu».
Saioen eramaileak ohartu dira zailtasun nagusia ez dela aditz laguntzailea atxemaitea, ez eta formen “jatea” ere ez. Martta Lakok azaldu dauku: «Zailtasun handiena da jakitea noiz ez den alokutiboa erabili behar. Adibidez, ‘norena zen?’ erranen dugu, forma neutroa behar baita. Hala ere, usu entzuten da ‘norena xuxun?’, eta hori ez da xuxena».
Hortarako, trük edo pista erabilgarri bat eman du: galderari “bai” edo “ez” erantzuten ahal bazako, orduan alokutiboa erabil daiteke; bestela, ez.
Jakin Larzabalen egiten diren alokutibo-saio hauek deneri idekiak dira, kitorik, eta bi astetik egiten direla, ostiral astiriz. Oraindik posible da taldean sartzea; hortarako, Loreilarekin harremanetan jar daiteke: 06 37 23 31 77.