Arto Gorria elkarteak bere 10. urtemugaren kari Rafael Mier aditu mexikarra gomitatzen du, hitzaldia eskainiko du uztailaren 13an Ainhize-Monjolosen. Tokiko haziak, biodibertsitatea eta elikadura burujabetza ukanen ditu mintzagai.
Arto Gorria elkarteak hamar urte betetzen ditu tokiko artoaren, landatu biodibertsitatearen eta laborarien autonomiaren alde lanean. Urteburua ospatzeko antolatu ekitaldi sortaren lehen hitzordua uztailaren 13an izanen da: Rafael Mierrek hitzaldia emanen du 20:00etan, Ainhize-Monjoloseko Okabe gelan (EHLG).
Tokiko haziak eta elikadura burujabetza
Rafael Mier Fundación Tortilla fundazioko sortzailea eta Maíz liburuaren egilea da. Aspaldidanik ari da Mexikoko jatorrizko arto-moten eta laborarien hazien alde lanean, eta gaur egun nazioarteko erreferente bat da elikadura burujabetzaren eta landatutako biodibertsitatearen inguruko gaietan.
Haren jitea Europan hazien inguruko eztabaida berriz piztu den momentuan gertatuko da. Europako Parlamentuak ekainean teknika genomiko berriei buruzko araudia onartu ondotik, berriz ere mahai gainean dira hazi berrien arautzea eta laborariek beren hazien gainean duten autonomia.
Euskal Herriko eta Mexikoko esperientziak gurutzatuz
Arto Gorria elkarteak oroitarazi du azken urteotan Euskal Arto Gorri Haundia berreskuratzeko eta tokiko hazi libreak sustatzeko lan haundia egin duela. Azken bi urteetan, gainera, laborariekin batera arto populazio horien hautaketa lantzen ari dira, klima aldaketaren ondorioetara hobeki egokitzeko.
Ainhize-Monjoloseko hitzaldian, Mexikoko eta Euskal Herriko esperientziak elgarren ondoan jarriko dituzte, artoak bi lurraldeetan duen balio agronomikoa, kulturala eta soziala aztertzeko.
Hitzordua uztailaren 13an emana da, 20:00etan, Ainhize-Monjoloseko Okabe gelan (EHLG). Sartzea urririk da.