Iholdiko "Le Papa Tétra" elkarteak barnekaldeko elbarrituak usu kario diren ekipamendu berrien pagatzen laguntzeko xedea du. Aurten hautatu dituzten hiru pertsona berrien sostengatzeko, lehen aldikotz, trail bat antolatzen dute.
Lehen aldikotz Iholdiko “Le Papa Tétra” elkarteak trail bat antolatuko du apirilaren 13an, hiru enbaldituren laguntzeko. Iaz Iholdin plantatua den elkarte horrek tetraplegiko bat auto egokitu bat pagatzen lagundu zuen. Dinamika eder hori baliatzea deliberatu dute elkarteko 40 kideek, pertsona berrier haien laguntza eskaintzea proposatuz. Haien xedea argi da: lurraldean bizi diren elbarrituen bizia errextea, haien egunerokoan beharreskoak diren teknologia karioak pagatuz. Hautagaitzarako deialdiaren ondotik, hamabost kandidaturatatik hiru baizik ez dute hautatu, haien laguntza haal bezain eraginkor izan dadin.
Diruaren biltzeko, ekitaldi andana bat antolatzen dituzte urtean zehar. Besteak beste, trail bat plantatu dute, apirilaren 13an, igandearekin, Iholdin. 18 eta 12 kilometroko lasterraldietan parte hartzeko lekuak agortuak baldin badira ere, 12 eta 6 kilometroko ibilbideak antolatuak dira, kopuru mugarik gabe. Horrez gain, Iparraldean geroz eta gehiago ikusten diren Joelette-ak izanen dira. Joelette-ak elbarrituak mendian ibilbideak eta trailak burutzen laguntzen dituzten errotadun aulki bereziak dira, bi eta sei arteko laguntzaileko ekipa bati esker.