Xabier Itzainak Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantza-soinulariak ikertu ditu: Ttunttuneroen gizartea. Liburu batean argitaratzekotan du ikerketa, baina, aitzin, aurkeztuko du, Xabi Etxeberri musikaria eta Mirentxu Agerre kantariaren laguntzaz.
Dantzaz eginak izan dira ikerketa anitz eta sakonak, alta, soinulariez ez hainbertze, sustut Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, konparazione, Juan Mari Beltranek, Carlos Sanchez Ekizak edota Ansoatarrek eginak izan diren ikerketak hor dira.
Horregatik, Xabier Itzaina ikerlariak gaia bere gain hartu nahi izan du: soinularien historia ikuspegi sozialetik.
Zuberoa, hala ere, franko ontsa ikertua izana da, hango ohiturak "ongi begiratuak" izan direlako, Lapurdi eta Baxe Nabarren ere, baina gutixeago: Thierry Truffautek ihauteriez, Antton Lukuk libertimenduez, Xan Ornaguek Garaziko musika-eskolaz...
Baina, herri-soinulariez oraino eskasia senti zuen Itzainak. Hala, ikuspegi historikoa ongi eskuratzeko, kostaldeko artxibategietan murgildu du bere burua. Horiek hola, liburua sustut Lapurdi eta Nafarroa Behereko ttunttuneroez egin du.
Ikerketa honek ekarri dituenak bi puntu dira nagusiki: alde batetik, ttunttuneroak "aski gaizki" ikusiak zirela beraien funtzioengatik, eta "baztertuak" zirela. Baina ber denboran, herriaren besta eta sistema erritualen bihotzean zenez, "beharrezko baztertua" zela.
Bestaldetik, ikertu du ere soinuak zer harremana zuen dantzarekin, eta dantzak zer funtzio sozial zuen tokiko gizartean eta gizartearen elementuen arteko harreman sinbolikoetan. Konparazione, kartier bakoitzak baitzuen bere aldia dantzatzeko, eta kalapita-iturri izan bide zen. Hor, soinularia beti dantzarien zerbitzuko ikusten zen, ofizilaeen kategoriakoa zen.
Baina, aldi berean, usu, soinularia ere bazen dantza-maisua, beraz, aldi berean gizartearen bazterrean zen, baina ere gizartearen erdian.
Xabi Etxeberri eta Mirentxu Agerre musikari eta kantariek ere lagunduko dute Xabier Itzaina ikerlea Ttunttuneroen gizartea liburua aurkezteko. Hitzordua apirilaren 10ean finkatua da, 19:30etan, Urdozeko kaperan, Baigorrin.