Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Uda beroa, erreketan ur eskasia, baina arrain kontaketetan kopuruak ez dira hain txarrak agertzen

Arrantza federakuntzak arrain kontaketak egiten ditu uda ondotik beti ber garaian, preseski kopuruen zenbatzeko, erreketako iturburuetan.

Uda beroa, erreketan ur eskasia, baina arrain kontaketetan kopuruak ez dira hain txarrak agertzen
Arraintza federakuntzako Iban Salles - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/11/18 11:04

Baxe Nafarroan, Alduden, Arnegin, Ezterenzubin edo Lapiotzen aritzen dira.
Eremu zehatz batean arrainak arraintza elektrikoarekin lokartzen bezala dituzte. Ondotik, espezie guztien kondaketa egiten dute: pizatu, neurtu eta berriz libratzen dituzte.

Mendialdean oraino kopuru onak eta ainiztasuna, zelaietan okertzen da

Emaitzek erakusten dute mendialdeko iturburuetan oraino arrain aniztasun handia badela. Iturburuetatik beherago joanez burtainak, xipak, xarboak, amuarrainak eta beste hainbat espezie aurki daitezke.

Erreka handiagoetan haatik, zelai aldeetan, Lapiotze edo Aturriko egoera ahulagoa da. Uraren kalitatea okerragoa, beroagoa eta horrek ondorioak baditu : angirak, izokinak eta alosak oraino atxemaiten badira ere, beren kopuruak apaltzen ari dira.

Arraintza garaia: bururatua lehen kategoriarentzat

Lehen kategoriako arraintza bururatua da, amuarrain eta izokinena. Baina, bigarren kategoriako arraintzak segitzen du, arrain harraparien edo arrain xurien arraintzak; hau egiten delarik ibai zabaletan edo lakuetan.

Ugalketa sasoia

Heldu diren asteak funtsezkoak izanen dira. Amuarrain eta izokinen ugalketa garaia laster hasiko da; urak pixka bat hozten direnean arrain hauek beren ohiko errunlekuetara igaiten hasiko dira.
Ur maila eta tenperatura baldintzak lagungarriak badira, espezie horien belaunaldi berria bermatzea posible izanen da.

 

Interesgarri izanen zaizu