Uda biziki beroa iragan dugu ; 35 gradutik gorako tenperaturak usu gertatu dira uda huntan, eta horrek sagarrondoen garapena azkarki trabatzen du, arbolak ezin ditu fruituak hazi eta ondorioz ttipi gelditzen dira.
Baigorrin plantatua den Elena Aguerre laborariak bere bizipenak partekatu ditu. Elena Aguerrek hektarea eta erdiko sagardia du, baita 3.000 m² inguruko kuia eta lur-sagar landaketak ere. Bere egun guzietako lanean, bero handien ondorioak zuzenki senditu ditu. 35 eta 40 gradu arteko tenperaturak izaiten direlarik, « lana fisikoki eta mentalki ere biziki dorpea da » azaldu du.
Gainera, beroak lan zama handitzen du. Sagarrak eguzki kolpeetatik babesteko, adibidez, gainean gisua hedatu du, babes tela baten gisarat.
Baina beroaren eragina ez da laborarien lan baldintzetara mugatzen.
35 gradutik goiti, sagarrondoa blokatzen dela azaldu du Elena Aguerrek. Ureztatzeak arbola bizirik atxikitzen du, baina ez du hazten laguntzen: sagarrondoak ez du behar bezala garatzen segitzen, eta adarretan dituen fruituak ez dira handitzen.
Joan den udan, 35 gradotik goragoko egunak ainitz izan ziren. Sagarrondo mota goiztiarretan, fruitu kopurua bazen, baina sagarrak biziki ttipiak gelditu dira. Eta hori arazo ekonomiko bat da ekoizleentzat, sagarrak kiloka saltzen baitira.
Laborarien lana gero eta nekeago bilakatzen ari da, kanpoko baldintzeri eta aroari biziki lotua den ofizioa baita. Egoerari egokitzeko aterabide batzu atxeman daitezke, hala nola sagardietan iguzkitik babesteko sareak ezartzea.
Geroan hola segitu behar da ?
Elena Aguerrek uste du gogoeta ez dela laborari bakotxaren mailan bakarrik egin behar, kolektiboki baizik. Klima aldaketaren aitzinean, eskualdean ekoizten diren fruitu, barazki eta bestelako elikagaiekin segitu behar ote den, edo ekoizpen mota berrietara jo behar ote den, galdera horiek denen artean aztertu beharko direla dio.
Beroaldi gero eta gogorragoek, beraz, laborarien egun guzietako lana zailtzeaz gain, Euskal Herriko laborantzaren etorkizunari buruzko gogoeta ere mahai gainean ezarria da.