Urriaren 2an, ostiralarekin, Vérino umorista Irissarriko Airoski gelan ariko da, ‘Rodéo’ bere azken ikusgarriarekin. Arratseko irabaziak tokiko bi elkarterentzat izanen dira: Ahurtiko Gurekin eta Angeluko Le champ des histoires.
Vérino umorista Irissarrira etorriko da urriaren 2an, 20:30tan. Airoski gelan ‘Rodéo’ bere laugarren ikusgarria eskainiko du, Show’lidarité umore festibalaren karietara. Badu hemeretzi urte antolatzen dutela hitzordua Irissarrin, eta aurten ere umorea elkartasunarekin uztartuko da.
Egunerokoaren kontra erranak taula gainean
‘Rodéo’ Frantzian eta atzerrian egiten ari den biraren barnean aurkeztuko du Vérinok. Familia bizia, gizarteko gai zonbait ditu aipagai, bertzeak bertze erlijioa, patriarkatua eta deseraikitzea. Eguneroko egoerak behatuz eta bere buruaz trufatuz, bere ikuspegi berezia ematen die.
Ikusgarrietatik harago, festibalak helburu solidarioa ere badu. Arratsetako irabaziak elkarteei ematen zaizkie. Aurten Airoski gelan bi gaualdi izanen dira: Vérino urriaren 2an eta Marine Leonardi biharamunean, urriaren 3an. Azken emanaldi hunendako sarrerak agortuak dira. Bi hitzorduak Ahurtiko Gurekin eta Angeluko Le champ des histoires elkarteen alde antolatuak dira. Sarrerak sarean eskuragarri dira.