Amendüze-Unaso (Baxe Nafarroa)

Umorea arma gisa baliatuko du Bittor Tikoipek Xilaban

Bertsolari amenduztarrak Xilaba Ligin hasiko du hilabete honetan. Covida baino lehen hasi zen bertsotan aritzen, Amikuzeko bertso eskolan. Bigarren aldikotz Xilaban parte hartuko du, hastapeneko estresarekin beti, baina umorez beterik.

Umorea arma gisa baliatuko du Bittor Tikoipek Xilaban
Amenduzeko bertsolariak Ligin ukanen du Xilabako lehen fasea, azaroaren 30ean. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/11/14 14:33

Bittor Tikoipe bertsolari amenduztarrak Xilaban parte hartuko du hilabete honetan. Covida baino lehen hasi zen bertsotan aritzen, eta bere lehen saiotik, Etxarriko mobilizazio batean, ibilbide ederra egin du, aurten bigarren aldikotz Xilaban parte hartu arte.

Amikuzeko bertsozaleekin elkartu ziren lehen aldikotz, giro alaiko bertsolaritza maite zutelako. Motibazioz motibazio erran daukun bezala, saioak ezagutu dituzte, taldekako Xilaban izena eman arte Amikuzeko bertso eskolako lagunekin. Horren ondotik, 2021ean bakarkako Xilaban parte hartu zuen Bittorrek lehen aldikotz.

Aurten bigarren aldia da bakarrik arituko dela Xilabako epaimahainaren aitzinean, eta bere arabera, ez da bortxaz lasaiago. Hastapeneko estresa beti topatzen baitu taulagainera igo baino lehen. Alta, Bittor bertsotan ikusten baduzue, bere estresak ez zituzte bortxaz harrituko, umorea etengabe baliatzen duelako.

Amikuzeko markatzat jotzen ahalko genuke, usaian serios guttik baina umore anitzek osatzen baitituzte Amikuzeko bertso eskolako kurtsoak. Alabaina, Xilabaren kari kurtsoak egokitu behar izan dituzte, txapelketako modalitateetan trebatzeko. Hala ere, nahiz eta txapelketa seriosa izan, Bittoren arabera, beste saioetan bezala umoreak bere lekua atxeman behar du Xilaban, goi mailako bertsolaritza eta giro ona ez baitira bereiztekoak.

Ligiko saioa azaroaren 30ean iraganen da, herriko gelan, 17:00etan. Bittor Tikoiperen ondoan, Irantzu Idoate, Beñat Larrori, Maddalen Arzallus, Irati Alcantarilla eta Pettan Prebende arituko dira, Oihana Larrandaburu gai-eramailea izanen delarik.

Anartean, hurrengo saioa Domintxinen iraganen da, herriko gelan, azaroaren 15, 17:00etatik goiti. Bertan ariko dira Haira Aizpurua Ibargarai, Miren Artetxe Sarasola, Xermin Clamblong Mounein, Joanes Etxebarria Martinez, Haize Lekuona Blanco eta Josu Txoperena Iribarren, Amaiur Lujanbio Agirreren gidaritzarekin.

Interesgarri izanen zaizu