Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Umorezko zein abenturazkoa, Mexikora eramanen gitu Dejabu konpainiaren antzerki berriak

"Itzulera" antzezlana emanen du Dejabu konpainiak azaroaren 28an, ostiralez, Donapaleuko Saint Louis zine gelan. Kitzikazank elkarteak du gomitatu Hegoaldeko euskal konpainia famatua, bere ikusgarria lehen eta azken aldikotz emaitera Iparraldean.

Umorezko zein abenturazkoa, Mexikora eramanen gitu Dejabu konpainiaren antzerki berriak
Dejabu konpainiak Donapaleuko Saint Louis zine gelan emanen du "Itzulera" antzezlana. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/11/25 14:34

Itzulera antzezlana emanen du Dejabu konpainiak azaroaren 28an, 20:30etan, ostiralez, Donapaleuko Saint Louis zine gelan. Kitzikazank elkarteak du gomitatu Hegoaldeko euskal konpainia famatua, Ipar Euskal Herrian emanen duten emanaldi bakarraren kari.

 

Dejabu konpainia 2001ean sortu zuten Hego Euskal Herrian, amatur gisa hastapen batean. 25 urtek eramaiten dituzte honat, eta ibilbide luze honetan hainbat urrats izan ziren. Adibide gisa, profesionalizatzeko asmotan, Londresera joan ziren Dejabuko kideak. Garai hartan, erdaldunek zuten antzerkiaren monopolioa, eta beraz konpainia profesional bat euskaraz aritzea erronka handia zen.

 

Alta, geroztik, euskal antzerkiak fama hartu du, eta gaur egun Dejabu konpainia Euskal Herriko ezagunenetako bat da. Beti mugimendua eta gorputzetik sortzen hasten dira, poesia eta kezkatzen dituzten gaiak agerian ezartzeko. Ainara Gurrutxaga Dejabuko kidearen arabera, tresna beharrezkoa da antzerkia, kolektiboari eta lurraldeari loturik egoiteko, erran daukun bezala: “gaurko gizarteari gehitzen dio antzerkiak munduan egoiteko modu bat, horren defentsa bat”.

 

Umorezkoa eta abenturazkoa, haien azken sorkuntzaren kari, Mexikora eramanen gituzte antzerkilariek. “Itzulera” antzezlanaren prozesu horretan, norabide berrien hartzea erabaki dute. Alde batetik,  zinema eta antzerkiaren arteko harremanaren aztertu nahi izan dute; zer sortuko luke film bat zuzenean egiteak? Eta beste aldetik, auto fikzio baten inguruan lan egitea, haien esperientziatik abiatzean. Hori dela eta, euskal konpainia bat segituko dugu, haien bidaiaren kari Mexikorako. Baina zineman bezala, gauzak ez dira espero bezala iraganen...

 

Usaian haien lana Ipar Euskal Herrian usu emaiten badute ere, Itzulera antzezlana, behin baizik ez dute aurkeztuko Iparraldean. Donapaleun izanen da emanaldi hori, azaroaren 28an.Horren kari, Ainara Gurratxagak azpimarru nahi izan dauku emanaldi bakoitzaren gibeleko lana eta engaiamendua, eta zehazkiago Donapaleuko Zabalik eta Kitzikazank elkarteen lana Dejabu konpainiaren jinarazteko Baxe Nafarroarat.  

Interesgarri izanen zaizu