Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Urban Trail lasterketak euskarari eta ikastolari ikusgarritasuna eman nahi dio

Urban Trail lasterketa laugarren aldikoz antolatuko du aurten Amikuzeko ikastolak. Berritasun batekin helduko da hitzordua: usaiako bakarkako hamar kilometroko ibilbideaz gain, binaka eginen den errelebozko lasterketa ere antolatu dute.

Urban Trail lasterketak euskarari eta ikastolari ikusgarritasuna eman nahi dio
Urban Trail lasterketa. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/05/19 06:00

Lehen korrikalariak bortz kilometro eginen ditu, eta ondotik lekukoa bikotekideari pasatuko dio. Honek bertze bortz kilometroak osatuko ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez, modu horrek parte hartzea errextu eta giro herrikoiagoa sustatu nahi du.

Donapaleu barna ibilbidea

Lasterketa Airetik gelatik abiatuko da. Handik merkatura joanen dira korrikalariak, gero oihanera eta igerilekura. Lekuko aldaketa ospitalearen parean eginen da, eta azken zatia bide berdetik eginen dute, berriz ere Airetik gelarat heltzeko.

Amikuzeko ikastolak argi erran du lasterketaren helburua ez dela kirola bakarrik: euskarari, tokiko kulturari eta ikastolari ikusgarritasuna ematea dute xede, Donapaleu hiriaren bihotzean.

Herrikoia, baina maila handiko korrikalariak ere bai

Lasterketa herrikoia izanagatik ere, urtero maila handiko korrikalariak hurbiltzen dira Urban Trailera. Hiru kategoria izanen dira aurten: emazteena, gizonena eta errelebozkoena.

Haurrendako lasterketa ere antolatuko dute, kilometro inguruko ibilbide batekin. Hamar kilometroko bi lasterketak 17:00etan abiatuko dira, eta segidan ariko dira haurrak.

Izen-emateak eta animazioak

Urban Trailen parte hartu nahi dutenek pb-organisation.com webgunean eman dezakete izena, edo antolatzaileek zabaldu duten loturaren bidez. Parte hartzaile bakoitzak sari bat eskuratuko du.

Horrez gain, zozketa berezi bat ere antolatuko dute korrikalari guztien artean: irabazleek aste hondar bat pasatzeko aukera ukanen dute Iratiko etxoletan.

Lasterketa bukatu ondotik, jateko eta edateko aukera izanen da. Mutturfin arduratuko da janariaren prestatzeaz. Haurrentzat jokoak ere izanen dira, Amalia elkartearen eskutik, eta arratsaldea Koxegi taldeak alaituko du.

Azkenik, antolatzaileek eskertu nahi izan dituzte ekimena posible egiten duten tokiko enpresa eta partaide guziak.

Interesgarri izanen zaizu