Urepeleko biztanleek atxikimendu berezia diote Anglesainia etxeari. Hori agerian utzi zuen Urepeleko auzapezak, Xole Airek, joan den larunbatean egin hitzaldian, Anglesainiaren berirekitze estreinaldian.
30 urtez hetsirik egon ondoan, biziberritzea
Anglesainia Urepeleko ostatua zen lehenago, herriko topagune eta bizigune aktiboa. Baina Josephinek, ostatuko arduradunak, ofizioa utzi zuenean, etxea 30 urtez hetsirik egon zen. Egoera hori irauli zuten 2020an, herriko kontseilu berria lanean hasi zenean. Lehen engaiamenduetan izan zen etxe honen bilakaera ikertzea.
Lehen fasean, gaineko aldean bi bizitegi sortzea erabaki zuten. Orotara 250.000 euroko inbertsioa egin da proiektuan, eta gastuaren %80 diru laguntzekin estali da.
Mendi Sindikatuarentzako egoitza berria
Baigorriko Mendi Sindikatuak jadanik zituen bulegoak Urepelen, baina leku ttipiegian. Orain, Anglesainian espazio zabalago eta egokiagoa dute: hiru bulego, artxibategi gela bat, bilkura gela bat eta sukalde ttipi bat egokitu dituzte. Lan horiek orotarat 380.000 euroko kostua ukan dute, eta horietatik %70 ere diru-laguntzekin estalia izan da.
Mendi Sindikatua zortzi herritan ari da: Urepele, Aldude, Banka, Baigorri, Irulegi, Lasa, Azkarate eta Anhauze. Orotara 8.500 hektareako lan eremua dute, eta horietatik 2.300 hektarea Kintoa eremuan dira. Sindikatuan, hiru langile dira: idazkari bat eta Natura 2000 egitasmoan ari diren bi animatzaile.
Estreina egunean, hitza hartu zuten Michel Bidart Baigorriko Mendi Sindikatuko presidenteak, Xole Aire auzapezak eta herriko laborari batek. Denek azpimarratu zuten Anglesainiaren berritzeak duen garrantzia soziala eta ekonomikoa, bai herriarentzat, bai mendi sindikatuarentzat.