Izturitze (Baxe Nafarroa)

Urtarrilean azken bi xantzak 'Lau, teilatu gainean' antzerkia ikusteko

2025eko bukaeran lau emanaldi egin zituzten 'Lau, teilatu gainean' antzerkiaren sortzaileek. Hasieratik argi errana zuten lau data baizik ez zirela izanen, baina ikusleen interesa handia izan denez luzapen bat egitea erabaki dute antzerkilariek.

Urtarrilean azken bi xantzak 'Lau, teilatu gainean' antzerkia ikusteko
'Lau, teilatu gainean' antzerkiko taldea. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/01/16 10:48

Ortzaizeko Urzaiz elkarteko lau kide dira antzerkiko jokalariak. Idazketa eta zuzendaritza lanak Arantxa Hirigoienek eraman ditu, eta teknika lanak Aitz Amilibiaren esku egon dira.

Antzerkiaren gai nagusia klima aldaketa da: beroketa klimatikoa, lurraren suntsipena… Baina gai orokor horiez gain, jokalari bakoitzaren bizipen pertsonalak ere azaltzen dira taula gainean. Laguntasuna, adiskidetasuna, norberaren barne arrangurak eta gogoetak aipatzen dira; gai potoloak, baina abilki eta umore handiz landuak.

'Lau, teilatu gainean' antzerkia sortu aitzin, jokalariek antzerkiarekiko zaletasun handia bazuten ere, ez zuten sekulan halako sorkuntza batean parte hartu. Esperientzia “biziki baikorra” izan dela azaldu dauku Maialen Cuburu antzerkilariak, eta “biziki ontsa bizi izan” dutela.

Beraz, azken bi parada izanen dira antzerkia ikusteko:

  • Urtarrilaren 18an, 17:00etan, Izturitzen, Artexean

  • Urtarrilaren 30ean, Baigorri aldean

Eta gero zer? Maialen Cubururen hitzetan, “segur da holako proiektuek beste batzuen egiteko emeia pizten daukutela”.

Interesgarri izanen zaizu