Bidarraiko herritarrek Zineonddo zinema egitasmoa sortu dute, herriko etxearen eta hainbat elkarteren sustenguarekin. Lehen emanaldia buruilaren 21ean eginen dute, Artetxea gelan, Mikel Lizarralderen ‘Zazpi’ dokumentalarekin.
Bidarraiko Artetxea gelan eginen dute Zineonddo proiektuaren lehen emanaldia, buruilaren 21ean, 20:00etan. Herriko herritar multxo batek abiatu du egitasmoa, herriko etxearen, Kanaldude, Zukugailua eta Otxaldetarrak elkarteen laguntzarekin. Urtaroen aldaketa bakotx zinema gaualdi bat antolatzea dute xede. Egitasmoa, urte hatsarrian Errobi bazterrean bota zen hotelaren tokian, ikus-entzunezko sektoreari eskainiko zaion Onddoenia eraikin berriaren eraikuntza aitzin abiatu da.
‘Zazpi’ dokumentala lehen emanaldian
Zineonddoren lehen hitzordurako Mikel Lizarralderen 'Zazpi' dokumentala hautatu dute. Mendizale eta zinegile gipuzkoarrak Euskal Herriko lurralde bakoitzeko mendi gorenetara igan zen: Aldamin Bizkaian, Gorbeia Araban, Aketegi Gipuzkoan, Artzamendi Lapurdin, Okabe Baxenabarren, Orhi Xiberoan eta Hiru Erregeen Mahaia Nafarroan.
Ibilbidean 300 kilometro pasa egin zituen, 11 etapatan. Bidean Bidarraitik ere pasatu zen. Artzamenditik jeitsi ondotik, gaua herrian paatu zuen, eta biharamunean Iparla alderat joan zen.
Dokumentalak, mendizaletasunaz eta Euskal Herriko paisaiez gain, Lizarraldek bidean ezagutu zituen herritarrak ere erakusten ditu. Esklerosi anizkoitza duen zinegileak bere eritasunarekin loturiko bizipenak ere bildu ditu filman. Emanaldiaren ondotik, Mikel Lizarralderekin solasteko parada izanen da. Sartzea bost eurotan finkatu dute antolatzaileek.