Baigorri (Baxe Nafarroa)

Zurlanek kasik milioi bat euro inbertituko ditu tailerrak handitu eta tresna berriak erosteko

Zurlan kooperatibak bere tailerrak handitu eta lan tresna berriak erosteko proiektua abiatu du, kasik milioi bat euroko inbestimenduarekin. Elkargok 200.000 euroko dirulaguntza bozkatu du egitasmoarentzat.

Zurlanek kasik milioi bat euro inbertituko ditu tailerrak handitu eta tresna berriak erosteko
Xan Kurutxarri, Zurlan kooperatibako kudeatzailea. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/10/26 12:02

2015ean Betti Bidarten segida harturik, zurgintza eta zur-lanak egiten dituen enpresak 30 langile ditu gaur egun, horietarik bost aprendiz eta hamar kooperatibako partzuer. Zurlan kooperatibak azken urteetan ezagutu duen garapenari egokitu nahi dizkio bere lan tresnak eta azpiegiturak. Tailerrak handitzea, maxina berriak ezartzea eta elektrizitatea ekoizteko panel fotovoltaikoak instalatzea aurreikusi du. Obrak abenduan hastekoak dira, dena ongi badoa, eta 2028ko martxorako bukatzea espero dute.

Tailerrak bikoiztu eta lan tresnak berritu

Zurlanek orai arte eraikinean ez zuen obra handirik egin. 2004an hamar langile ziren; gaur egun, berriz, 30 dira, eta lanerako tokia eskas gelditu zaie. Maistruendako tailerra handituko dute, maxina eta material gehiago biltzeko. Maistruentzat lan eremua 360 metro koadrokoa da gaur egun, eta eraikin berriarekin azalera hori bikoiztuko dute. Inbestimenduak maxina berriak erostea ere barne hartzen du, langileen eguneroko lana arintzeko eta lan baldintzak hobetzeko. Tresna numerikoek errepikakorrak diren lanak beren gain hartuko dituzte, langileek interes handiagoko lanetan denbora gehiago eman dezaten.

Xan Kurutxarrik, Zurlaneko kooperatibako kudeatzaileak, adibide argi bat eman du: kanpoko balkoietako edo barandetako piezetan zilo anitz egin behar izaten dituzte, banan-banan. Batzuetan, egun osoak ematen dituzte lan horretan. Maxina berriek lan hori arinduko dute. «Gehiago dira interesik ez duten fase horiek eginarazteko», azaldu du Kurutxarrik. Hala ere, langileen eskuzko trebetasuna eta lanaren alderdi sortzailea atxiki nahi dituzte: maxinek ez dituzte langileen jakintza eta egiteko moldea ordezkatuko, baizik eta lan errepikakorrenak errextuko. Energiaren aldetik ere, ahal bezainbat burujabe izatea dute xede. Horretarako, behar duten elektrizitatea berek ekoizteko panel fotovoltaikoak ezartzea aitzinikusi dute.

Lanak badira, baina bezeroen kezka ere bai

Eraikuntzaren sektoreko egoera ez da samurra, Xan Kurutxarriren arabera. Materialen prezioak etengabe emendatzen ari dira, eta obren merkatua gero eta tinkatuagoa da. Euskal Herrian oraindik lana badela dio, baina lehiakortasuna handia dela eta obra deialdietan enpresa anitzek erantzuten dutela. Duela hamaika urteko egoerarekin alderatuz, Zurlan handitu da eta obra gehiago egiten ditu. Hala ere, Kurutxarriren ustez, bezeroekiko harremanak errexagoak ziren lehen, eta prezioak ere hobeak.

Ondoko urteetako erronka nagusietako bat taldea atxikitzea eta gazteak formatzea izanen da. Horretarako, aprendizak hartzen segitu nahi dute, kooperatibaren izpiritua belaunaldi berriei transmititzeko. «Enpresa ez da batena, baina denena» gogorarazi du Xan Kurutxarrik, kooperatiba izatearen funtsa laburbilduz.

Interesgarri izanen zaizu