Frantziako Asanblada Nazionalak joan den uztailaren 15ean hartu zuen erabakia, 291 bozka alde eta 241 kontra: eutanasia edo suizidio lagundua baimenduak izanen dira, baldintza batzuk beteak badira.
Bizi bukaeraren gai korapilatsuari erantzun bat emaitea helburu zuen lege honek. Onartua izanik ere, eutanasia errespetatu beharreko baldintzen menpe gelditzen da: eritasun larria edo sendagaitza ukaitea, adinez heldua izaitea, norbera bere borondatea bukaeraraino adierazteko gai izaitea, Frantziar hiritartasuna ukaitea...
Eritasun psikologikoak dituzten pertsonek ez dute baliatzen ahalko, ezta Alzheimerra bezalako eritasunak dituztenek ere; izan ere, kontsideratzen da eritasun hauek pertsonen borondatea aldatzen ahal dutela. Horrez gain, hiltzeko laguntzarako substantzia guziak ez dira onartuak izanen, eta HAS Osasun Agintaritza Gorenak erabiltzen ahalko direnak hautatzeko lana ukanen du, azaroaren bata arte.
Legea ez da 2027a arte aplikatuko, oraino Kontseilu Konstituzionalak aztertu behar baitu.
Charcot eri baten hitzetan
Anthoine Mesnier medikua izan da 45 urtez, eta Charcot eritasuna diagnostikatu diote duela zonbait denbora. Lege berria pozez hartu du, aspalditik militatzen zuelako bizi bukaeraren gaiak erantzun legal bat ukan zezan. Berak argi du bere eritasuna aintzinatuko delarik heriotza lagundua nahiko duela. Elkarrizketa guzia hemen duzue entzungai.