Felix Casteigts

·

Amikuzeko AMAParen sortzailea

«Begiak hetsirik jan dezakegu AMAPan erosten dugun janaria!»

Begiak hetsirik jan dezakegu AMAPan erosten dugun janaria!
Felix Casteigts Amikuzeko AMAParen sortzaileetako bat. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/03/17 06:00

Amikuzeko AMAPak hitzordua finkatua du martxoaren 18an, Donapaleuko merkatu estalian, 18:30etan, kontratuen berritzeko xedez. Duela hemeretzi urte sortu zuten, Felix Casteigts baratzezainaren inguruan.

Ekoizle berri batzuk sartuko dira eta menturaz kide gehiago ere, momentuan, 60 bat dira. Casteigtsek dioenez, jin berri anitz guraso gazteak izaten dira. AMAPak pozoirik gabeko janari sanoa bermatzen du, hamasei ekoizle direla, label ekologikoaren pean lanean ari baitira.

Alta, Felix Casteigtsek salatu nahi izan du label anitz badela eta denetarik atzeman daitekeela haien gibelean, hala nola, HVE labela, FNSEA sindikatuak abiatua, itzal egiten diola BIO labelari, ustea baita kasik dena ekologikoa dela, baina: "Ez da batere hala!".

Bio labelaren baitan ere laborari tipi nahiz industrialak sartzen direnez, Felix Casteigts eta ekoizle anitzek EHKO labela sortu dute: "Laborantza herrikoia, tipia eta ekologikoan ari dena biltzeko".

Bestalde, Casteigts biziki kritiko agertu da Herriko labelaz, bermatzen duen bakarra baita tokikoa izatea, baina ez pestizidarik gabekoa.

AOC, AOP eta IDOKI labelek egiten duten lana goraipatu du.

Hala, Amikuzeko AMAPean ari diren hamasei ekoizleak ekologikoan ari dira. Bi astetarik ekoizle guziek dute parte hartzen, eta arteetan gutiagok. Denetarik dute: haragia, gasna, tisanak, oilaskoak, arraultzak, sagarrak, kiwiak, irina, pastak...

AMAPA abiatu zelarik, duela hemeretzi urte Felix Casteigts baratzezaina baizik ez zen banatzen ari, "Kasik banditak bezala ari ginen, anpula baten pean, lehengo herriko etxeak erraten baitzuen kalte egin genezakeela, orain, aldiz, badira herriko etxeko kideak!".

Erran behar da, AMAParen baitan gari-entseguak egiten dituztela, mota zaharrak erein baitituzte ikusteko zein den hobekien egokitzen eta elkarlanean ari dira Euskal Herriko laborariekin.

Bide batez, oroitaraz dezagun, Hazien eguna izanen dela Itsasun, martxoaren 22an, non parada izanen baita hazien trukatzeko.

Felix Casteigtsek bukatu du erranez AMAPa hitz hitz tratua dela: alde batetik laborariak gauza onak egiten ditu, eta bestaldean, kontsumitzaileak bere erosle-lana egiten du.

Interesgarri izanen zaizu