XII. mendekoa da Bidaxuneko gaztelua, eta Agaramontarrek diote izena eman han bizi izan baitziren 1329tik aitzina, Biduze ibaiak itsasora buruz zuen ateratzeagatik, toki estrategikoa baitzen: mundura begira zen portua, bertzeak bertze, Baiona, Angelu edota Miarritze eraikitzeko gisua garraiatzeko.
Alta, 1523an, Gaztelako tropek gaztelua erre zuten, agaramontarrek Nafarroako erregeen alde egin izanaren mendekutzat.
Berreraiki zutelarik, oraino ikusten den Errenazimenduko itxura eman zioten. Hala, jatorriko Erdi Aroko gaztelu hartatik, dorre zirkular bakarra gelditu da.
Henrike III.a Frantziako tronora heldu zelarik, Bidaxuneko jaurerria, dukerri izendatu zuen, agaramontarren Nafarroako erresumarekiko leialtasunaren saritzeko. Hola zen sartu Agaramont familia frantses noblezian, artetik errateko, lehenetariko nafar familia izan zen.
Bidaxuneko Agaramontarren gaztelua berriz ere erre zuten, aldi honetan, Frantziako Iraultzak, 1796an.
Harez geroztik, obra zenbait eginik izan badira ere eta bisitatzen ahal bada ere, hondatua da Bidaxuneko gaztelua, baina, ez luzerako, diru-laguntzak mugituko baitira arranjatze-lanen egiten hasteko.
Hala, 2026an abiatuko dituzten 700.000 euroko obrek gazteluaren iparraldea eta mendebaldea arranjatzea dute xedea.