Donibane Garaziko Frantsesenia lizeoa ere sartze betean da. Historikoki laborantza-lizeoa izan bada ere, sozial, zerbitzu, osagarri, harrera-lanbidea, komertzio eta turismo arloak garatu ditu. Horretarako, irakaskuntza klasikoaren bidez egiten dute, bai eta ere aprendizgoaren bidez. Aprendizgoan CAP AEPE haurtzaro arloko 8 aprendizek goizago egin dute sartzea, enpresetan sartu ahal izateko. Egun dute azken sartzea eginen, leheneko eta terminalekoak hasiko baitira.
Haurrei begirako formakuntza CAP AEPE saila bigarren aldikoz abiatu berri dute. Iaz bezala, aurten ere 8 aprendiz abiatu dira, eta Iban Ergi zuzendariak azpimarratu du iazko denek kausitu dutela diplona. Praktikak egiteko haurtzaindegietarat eta eskoletarat joanen dira.
Frantsesenia lizeoa elebidun gisa sailkatua da, Ergik erran dauku aski errexki pasatzen direla hizkuntza batetik bestera, naturalki egiten duten zerbait dela. Baina harago ere joan nahi dute: laborantza ministeritzatik baimena kausitu baitute Hazparneko Armand David eta Donapaleuko Errekart lizeoarekin batean elebidunak izateko baimena. Xedea da euskaradunek ahal duten guzietan euskara balia dezaten, bai gelan bai ere praktiketan.
Ikasle kopururuari dagokiolarik, bigarren urtea da emendatzen dela, 153 gazte hartuko ditu Frantsesenia lizeoak aurten, horrekin satisfos da Ergi. Barnategian horietako 50 egonen dira, batzuk Frantsesenian berean, beste batzuk Navarre ikastegian.
Ergik aitortu du hala ere, harrera-lanbidean zailtasunak dituztela eta dei egin du dudak dituen orok ez dezala dudarik ukan haiengana hurbiltzeko informazioen eskuratzeko.
Azkenik, bururatzeko, ikasturte honetan aplikatuko den lizeoetako arau berria aipatu dugu, Frantsesenian jadanik aplikatzen zuten neurria da, hots, telefonoen eta pantailen erabilpenan apaldu nahi izan dute lehenagotik ere: goiz eta arratsaldeetako atsedenaldietan ikasleek telefonik ez dute hartzen, funtsean, eguna abiatzearekin telefonoak uzten zituzten, eta hala-hala, barnategian 21:30etan. Hala ere, pedagogiak hala eskatzen baldin badu, legeak baimentzen du gailu horien erabilpena kurtso denboran.
Iban Ergik aldaketa handia ikusi du neurri horiek ezarri dituztenetik: kanpoko atsedenaldietan, konparazione, berriz eleka hasi baitira ikasleak, kirolean... Kurtso denboran ere haien konzentrazioa errotik emendatu da. Gai horren aztertzeko, duela bi urte, psikologo bat ekarrarazi zuten eta bisita horrek langile eta gurasoen kontzientziak iratzarrazi zizkiela azpimarratu du Ergik.