Christian Normand

·

Arkeologoa

«Etxe gotor guziak etxe nobleak ziren, aldiz, etxe noble guziak ez ziren baitezpada etxe gotorrak»

Etxe gotor guziak etxe nobleak ziren, aldiz, etxe noble guziak ez ziren baitezpada etxe gotorrak
Christian Normand. IRULEGIKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/06/26 06:00

Christian Normand arkeologoak mintzaldia emanen du uztailaren 2an, 20:30etan, Donapaleuko Bideak gunean, Nafarroa Behereko museoko lagunek antolaturik. Mintzatuko da Nafarroa Behereko etxe gotorren gainean Erdi Aroan. Hara salatu dizkigun zenbait ideia:

Etxe gotor bat, izenak dioen gisan, defentsarako osagai franko dituen eraikin bat da, kasu honetan, murru biziki zabalak,  gezileihoak, eta, biziki garrantzitsua dena da, jauregiak etxe nobleak direla. Erran nahi du, etxe gotor guziak etxe nobleak zirela, aldiz, etxe noble guziak ez ziren baitezpada etxe gotorrak.

XIV eta XV.mendeetako diru-inkestek erakutsi dute proportzionalki etxe noble anitz bazirela Garazin.  Oztibarren eta Amikuzen ez bezala. Eta hor bada oraino gaizki ezagutua den zerbait, zeinak eramaten baikaitu XVI. menderat, noiz gertatu baitzen etxe nobleen ttipitzea. Ordea, guti ziren tokietan, denak egon dira.

Eta XVI mendeko etxe noble horietan, hots, guti gora behera aro modernoan,  dituzte atzeman etxe gotor horiek.

Seguraski, noble kategorian, infantzoi-etxe gisa hartuak zirenak, kategoria bat baino gehiago zutela: alde batetik, baziren noblezia ttipiko infantzoiak, zeinak ez baitziren gehiago noble gisa hartuak Aro modernoan, alta, Nafarroa Garaiko artxiboetan ageri denez, Nafarroako erregeari leial egon zirenek, bai, atxiki zutela noble titulua. Eta horiek zituzten ahal ekonomikoak etxe gotor horiek eraikitzeko.

Latsagako adibidea errotik interesgarria zaio Normandi, partikularki  XIV.mendeko Latsagako Pesena, zeren eta Latsaga, hatsarrean, etxe gotorra baitzen, baina bazuena beste etxe gotorren eite handia: lauki zuzena eta kanpoko antolamendu handirik gabe.
Baina, Latsagako Pes Nafarroako handi lehenetarik bilakatu zen, erran nahi baita Nafarroako Erresumako nobleziako talderik pribilegiatuko kide, maila sozial, ekonomiko eta politikoa kontuan hartuta. Hala, parada izan zuen bere etxearen anitz azkartzeko eta erakusteko ere zein heinetaraino igan den Nafarroako gortean, egiteko zerbait aise eite handiagoa duena gaztelu batekin, etxe gotor xume bati baino.

Etxe horien banaketa aski desorekatua dela ohartarazi du arkeologoak, ohartu baitira anitz badirela Garazin, badirela ere azkarki Oztibarren, bospasei naski, Amikuzen ere, Arberoan ere pixka bat. Hor, dentsitatea da kontutan hartu behar dela azpimarratu du, noble horien dentsitatea eskualde haietan, beharbada, lurrak emankorragoak baitziren, eta abar. Bere erranetan, osagai biziki garrantzitsua dena da, Nafarroak biziki garai korapilatsuak pairatu zituela, desegiteak... eta, beharbada, etxe gotor horiek dira kopuru aise handiagoa zen garai hartatik baratzen direnak. Hala, baliteke urrun egotea zinez izan ziren kopuruetatik.
Konparazione Amikuze eta Oztibarre hartzekotan, bada ikerlearen ustez, ezin baztertua den osagai bat: erlisione gerla garaian desegite handi-handiak gertatu ziren, zeren eta Oztibarreko eta Amikuzeko jaunak Albreteko Joanen kontra altxatu baitziren.  Beraz honarat jitean, tropa protestanteek haien egoitzak desegin zizkieten. Gehitu du ere espainolen konkistak ere seguraski desegite animalekoak ekarri zituela. Beraz, baliteke orain baratzen diren hauek izatea XVI.mendean izan zirenen erdia baizik ez izatea.

Orain arte iraun duten etxe gotorrak ezin dituzte sailkatu talde batekoak edo bestekoak: Agaramontarren edo Beaumontarren aldekoak, hots. Bietatatik baita. Eta, sski harrigarria zaio garai hartako nobleen jarrera aski aldakorra zela, Nafarroako erresuma legitimoari leial zirenen ondorengoak espainolen aldekoak bilakatu baitziren edo alderantziz.

Kontutan hartzekoa den puntu bat ere gehitu du Normandek; zenbat aldatu diren etxe gotor horiek. Adibide gisa ekarri du Latsaga jauregia, bakanetakoa baita iraun duena garaian bezala. Baina besteak, adibide franko aipatuko ditut uztailaren 2an, ezin irudikatuzkoa da etxe gotorrak izan zirela, ikusten badituzu, iduri baitute etxalde arrunt bat.

Jakin behar dena da Nafarroa Garaiko etxe gotorrak biziki sinpleak direla, dorretxeak funtsean.  Eraikin horiek karratuak ziren edo lauki zuzenak, eta haiek ezaugarritzen dituenak dira murru biziki zabalekoak direla. Murru zabalak eta eraikiak hargintza biziki gotorrekin. Hola ditut ezagutu, jabeei galdetzen nien: “murruak zabalak dituzu?”. Erantzuten zidaten: “Baina zeri deitzen diozu zabal?”, zeren erantzuten baitzidaten, “bai, zabalak dira, 60cmkoak”, alta, nahiagoko nukeen entzun 90cm edo metro 1 zabal zirela. Egia da, orokorki, %99eko kasuetan, murruek gutienez 90cmkoak direla, ez badira metro batekoak. Eta diotelarik: “ Bai, zeinen zaila izan den murru honen zilatzea borta edo leiho baten zabaltzeko! Denbora anitz pasa dugu harri biziki lodiak baitziren eta mortero gotorra!”. Funtsean, hori da tronpatzen ez duen ezaugarria: kanpotik aski arrunta bada ere eraikina, baina murruek metro bateko zabalera badute, hori ezin da izan etxalde arrunt bat.

Interesgarri izanen zaizu