Euskal Herriko argiak izeneko erakusketa estreinatu berri du Donapaleuko Bideak kultur etxeak. Erakusketa gelatik biziki hurbil bizi da artista: Elena Rekondo.
Hain justu ere, Bideak kultur etxeak akuilatu nahi baititu ere tokiko artisten erakusketak.
Aldi honetan, beraz, obra biziki koloretsuek beztitu dituzte erakusketa-gela: akuarelaz eta olio-tinduz obraturiko piezak dira, tokiko paisaiak eta potretak irudikaturik.
Potretetan Rekondoren semeak ikus daitezkeen bezala, ihauterietako pertsonaia ezagunak ere ageri dira, konparazione, joaldunak. Eta, paisaietan, Ziburu, Garazi, mendiak…aprezia daitezke.
Argiaren berezko ezaugarria denez, itzalak ere protagonismo handia du Euskal Herriko argiak erakusketan.
Urrunetik so eginez, haietako frankok argazki baten eitea du, alta, hurbilduz gero, haien erliebeek salatzen dute tindu-lanak direla.
Erakusketak iraunen duen bitartean, apirilaren 29a arte, Elena Rekondok tailerrak animatuko ditu haur eta helduendako, akuarela, olio tindu edo beste tekniken deskubritzeko.
Harremanetan sartzeko, idatz helbide honetara: el.recondo@gmail.com