Xexili Thoreau

·

Laboraria

«Ezin dira normalizatu pestizidek eta plastikoen kutsadurak osoki eragiten dituzten sangriak»

Ezin dira normalizatu pestizidek eta plastikoen kutsadurak osoki eragiten dituzten sangriak
Xexili Thoreau, Pagola Sahalburuko azafrai eta fruitu ekoizlea. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/03/23 06:00

Biharko Lurraren ELkarteak [BLE] pestizidarik gabeko astea antolatua du martxoaren 20tik 30erat. Hainbat hitzordu finkatuak ditu karia horretarat: Donapaleuko mediatekan Les perturbateurs endocréniens dans la maison izeneko erakusketa paratua du, martxoaren 28an mintzaldi/tailerra ere izanen da erakusketaren inguruan, eta, martxoaren 29an, Droits dans leurs bottes filma hedatuko dute Donapaleuko Saint Luis zinegelan, 18:00etan.

BLEK biologikoan instalatzen lagundu zuenetariko laboraria da Xexili Thoreau, eta BLEko kidea ere bada, eta badu zer konta pestizidek eta plastikoen kutsadurak osoki eragiten duten sangriaz: horretatik jaldi ahal izan baita duela pare bat urte.
Xexili Thoreauk lekukotasuna eman die Irulegiko eta Amikuzeko irratiei. Gomitatzen ditu ekoizle guziak ekologikoan ari daitezen: "Nik egin badut, nornahik egin lezake". Ardura hartua du elikadura sanoa ekoiztea, jendearen ez pozoitzeko.

BLEk formakuntzak prestatuak ditu horretarako. Iruditzen zaio negozio jende anitz merkatuko presio pean ari direla lanean eta hiritarrendako deliberoak hartzen dituztela, alta, funtsezkotik deskonektatuak direla ikusten du, hots, osagarritik deskonektatuak. Thoreaurendako negozio jende horiek harrapakariak dira eta laborariak bahituak dauzkate, ur pean itoak. Alta, Thoreauk argi du badela laborantzan aritzeko beste manerarik, pestizidarik batere baliatu gabe.

Badaki zertaz ari den, duela pare bat urte sangriari aitzi egin behar izan baitzion, hormona-nahasleek eraginik, organismo batean mota horretako auto-erasoak eragiten dituztenak plastiko eta pestizidak dira osoki. Adin-tarte zenbaitzuri bereziki eragiten die minbizi-mota horrek: fetoak, 3-6 urte arteko haurrak, nerabeak eta menopausia garaian diren emazteak.

Xexili Thoreauk argi du laborantza ekologikoa oinarrizko modeloa dela, ez baitu xederik jendearen pozoitzeko. Uste du ezin dela iritzirik galdegin, ikusten baitu zentzu oneko afera bat dela, eredua laborantza ekologikoa dela, ez besterik, zientzialari eta ikerlarien datuak aski baitira jada horretaz ohartzeko.

Alta, arranguratzen dute Frantziako instituzioen norabide politikoek, zeinen egoeran diren laborantza ekologikoaren akuilatzeko tresnak. Horiek hola, aski baikor da Thoreau, gazteak ikusten baititu laborantza ekologikoan instalatzen ari.

Aitzinerat eman du kimioterapiak ez duela minbizia sendatzen, mutilatzen ditu hitzak, memoria... Ez dio halakorik nehori desiratzen. Bere aburuz, ez da kimioterapia normalizatu behar, ez baita normala. Gainera, bere ustez, diluitu baizik ez du egiten kimioterapiak, giza-organismoak birsortzen ditu gero kimioterapiak desegin dituen zelula onak. Funtsean giza organismoak du bere burua sendatzen.

Interesgarri izanen zaizu