Jakoba Errekondo Saltsamendi

·

Paisajista eta agronomoa

«Gu eta gure kultura hemen baldin badira eta diren bezalakoak, da zuhaitzei eta arbolei zor zaielako»

Gu eta gure kultura hemen baldin badira eta diren bezalakoak, da zuhaitzei eta arbolei zor zaielako
Jakoba Errekondo Saltsamendi, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuaren egileak. ARGIA
Ainize Madariaga
2026/07/23 06:00

Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian (Argia, 2026) liburua karrikaratu berri dute Jakoba Errekondo Saltsamendik, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek. Preseski, uztailaren 23an, Baigorriko herriko etxean aurkeztuko dute liburu berria, 19:00etan.

Liburuaren hastapenak erakusten du zenbat jakitate ari garen galtzen zuhaitzei eta arbolei dagokielarik. Alta, haiek izan direlarik euskaldunen oinarria urte eta mende luzez. Hala, jakitate hori ahal bezainbat bildu eta jendearen eskura ezartzea izan da xedeetarik bat.

Lehen argitalpena agortu da jadanik, biziki ongi hartua izaten ari denaren marka, bigarrena buruila hastepenean prest izanen da.

Mendiaren jakitatea, zurarena, egurrarena, basoena... Jakitate anitz biltzen entseatu dira, eta horretarako, arlo bakoitzean aditua direnengana joan dira, orotara, hamabost bat parte-hartzaile ditu liburuak. Arbola eta zuhaitza bereizten ote direnez galdetzean, erran digu gauza bera direla, baina, tokian tokian, bereizten direla, anitza dela erabilera, eta horregatik diote izenburu hori eman liburuari, euskararen aniztasunaren salagarri.

Liburu "tzarra" atera dela aitortu du Errekondok, -erran behar da kasik 3 kilo pisatzen dituela- hainbertze baitzuten kontatzeko, bertzeak bertze, zuhaitza eta arbolei buruzko hiztegia, ehun zura mota erakutsi dituzte, 116 zuhaitz-espezieak bildu dituzte, eta haietako bakoitzari fitxa bat egin diote. Konparazio baterako, Elorri beltza da euskaraz izen desberdin gehien duen arbola: 70 bat. Horrek erakusten du, Errekondoren aburuz, zenbaitzeraino gurea izan den elorri beltz hori. Fitxa bakoitzak zuhaitza deskribatzen du, zuhaitz horren erabilera, gaitzak eta izurriteak, zuhaitz horren lagunak diren abere eta onddoak...

Bestalde, 1100 bat argazkik beztitzen dute liburua.

Errekondok azpimarratu du: "Gu hemen baldin bagara eta gure kultura den bezalako hemen baldin bada, da zuhaitzei eta arbolei zor zaielako." Oroitarazi du lehen den dena zurezkoa zela, eta horrek, milaka urtetan hain lagun izan denak herexa uzten duela kulturan: esaeretan, kantuetan, olerkietan...

Bukatzeko, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburu saldu bakoitzeko, metro karratu bateko oihan ttipi bat sortuko dute, uda bukaeran xehetasun haboro emanen dituzte proposamen horretaz.

Interesgarri izanen zaizu