Buruilaren 20 eta 21eko asteburuan, Hergaraiko ibarrak bere ateak irekiko dizkio publikoari Hergarai Bizi feriaren 9. edizioaren karietara. Ekimen hau bultzatzen duen elkarteak helburu bikoitza du: haraneko herrien arteko kohesioa sendotzea eta lekuko bizia agerian jartzea. Aurten Ahatsa-Altzieta-Bazkazane herrian izanen da ospakizuna.
Animazioen erdigunea Ahatsan den Iratiko amuarrain-haztegia izanen da. Éric Trounday arraintegiko zuzendariaren arabera, «Hergaraiko jarduera garrantzitsuenetako bat ordezkatzen dugu. Besta gurean ospatzen denez, ezin ginuen uko egin. Parada ederra da jendeari harrera egiteko eta amuarraina manera desberdinetan sukaldaturik dastarazteko.»Iratiko amuarrain-haztegia. IRATIKO ARRAINTEGIA
1956an sortu zen Iratiko arraintegia. 1973tik goiti, ustiapena handitu egin zen Ahatsako Garrateko Eyhera errota eskuratuta. Orduan erabaki zuten bigarren haztegi bat sortzea. 1989an, hiru langilek Iratiko haztegia erosi zuten eta salmenta dibertsifikatzeko erabakia hartu zuten, produktua tokian berean lantzeko xedez.
Gaur egun, arraintegian zortzi langile dira. Salmenta zuzena egiteaz gain (jardueraren %30), tokiko jatetxeekin lan egiten dute. Haztegian 27 igerileku dira, 4.500 m2-ko azalera dutenak, eta han hazten dira arrainak. Arraintegia egun guziz irekia da eta noiznahi bisita daiteke.Iratiko arraintegiko amuarrainak. IRATIKO ARRAINTEGIA