2019an Michel d’Arcangues-ek liburu bat plazaratu zuen Ipar Euskal Herrian aurkitzen ahal diren 99 esku joko eta trinketetaz, “99 trinquets et jeu de paume du Pays basque”. Eta irratian egin elgarrizketa batean, erran zuen 100. atxemaiten zuenari xanpaña eskainiko zakola.
100. atxeman du Amenduzeko Jean Claude Mailharinek. Donapaleun aurkitzen da, Lapiotze erreka bazterrean, erdi aroko karrika eta lehengo agoten karrika artean den plazan. Kanpotik ez da susmatzen pilota leku bat denik, baina borta pusatu ondotik, patarra beheiti, bere zabalera guzian agertzen da esku pilota gune ohia.
Adin batetako amikuztar ainitzek ezagutzen dute leku hau, pilota lekua izan ondotik dantzaldi leku izan baitzen. Izen desberdinak ukan ditu: Pala, Arroki, Luisenia, Pattarra edo trinket zaharra. Jean Claude Mailharinek lekura ereman gaitu trinket zaharraren bisita egitera.