Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Aro txarra Ipar Euskal Herrian: krisiko egun bat Donapaleuko Ospitalean

Aro txarrak traba handiak sortu zituen Ipar Euskal Herri osoan urtarrilaren 6an. Elurra, karroina eta bide blokatuengatik, artatzaile ainitz lanera ezingabe egon ziren. Larrialdietako zerbitzuak segurtatzeko gisan, antolaketa berezia plantatu zuten.

Aro txarra Ipar Euskal Herrian: krisiko egun bat Donapaleuko Ospitalean
Donapaleuko Ospitaleak ere aro txarra pairatu zuen urtarrilaren 6an. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/01/14 10:12

Baitezpadako zerbitzuak segurtatzea kanpoko bizi osoa blokatua delarik… Hara zer izan zen Donapaleuko Ospitalearen desafioa joan den asteartean, aro txarrak traba handiak sortu zituelarik Ipar Euskal Herri osoan. Elurra, karroina eta bide blokatuengatik, langile ainitz ezin ziren lanera joan izan astearte goizean.

Donapaleun iragan den egunaldia ulertzeko, Baionako Ospitalera salto egin behar dugu. Baionako Ospitaleak “Plan Xuria” aktibatu zuen egunean berean, istripu larri bat iragan zelako. Zerbitzu guztiak mobilizatuak ziren beraz, krisi-zelula baten koordinaziopean, zaurituak baldintza onenetan artatzeko. Plan Xuriak aukera ematen dako osasun-egiturari bere baliabide humano eta material guztiak berehala aktibatzeko, paziente-uholde bati edo salbuespenezko osasun-egoera bati aurre egiteko.

Donapaleuko Ospitaleari begira, egoera arraroa zen, aroak ez duelako usu hainbeste traba sortzen. Donapaleun inpaktatuak izan ziren batez ere Baionako Ospitaleak Plan Xuria aktibatu zuelako, eta beraz posible zen Donapaleuko Ospitaleak Baionako pazienteak errezibitzea, hango zerbitzuak arintzeko eta lasaitzeko. Ez zen kasua izan, baina oheak eta baliabideak segurtatu behar izan zituzten hala ere.

Bestalde, astearte goizean, artatzaile ainitz blokatuak izan ziren bideetan, lanera ezingabean. Larrialdi zerbitzua bermatzeko, moldaketak eta antolaketa berezia plantan ezarri behar izan zituzten. Lehenik gaueko ekipak berantago egon ziren, arduraduner aterabide bat atxemaiteko denbora uzteko. Horren ondotik ospitaletik hurbil bizi diren langileak deitu zituzten, errextsun gehiago zutelako jiteko.

Bigarrenik, baliabideak optimizatu behar ziren. Kontsulta eta ebakuntza gehienak ezeztatu zituzten, nola pazienteen babesteko, hala beharrezkoak ziren eginbeharrak segurta ditzaten artatzaileek. Adibide gisa, blokeoko langileak larrialdietara joan ahal izan ziren.

Azken finean, biziki lasaia zen egoera Donapaleuko zerbitzuetan, paziente gutti hurbildu zirelako larrialdietara. Arratsaldean hainbat trauma kasua errezibitu zituzten, hormak eraginik. Aldiz, eguna ontsa iragan bazen ere, gaueko segida antolatu behar izan zen. Arratsean deipean ziren artatzaileer begira, arra antolaketa bat izan da, astearte gauean artatzaileek hurbil lo egin dezaten, maternitate bat dutela eta. Ospitalek bere langileendako dituen logeletan lo egin ahal izan zuten, jadanik 12 oreneko lan txanda egin ondotik, eta jakin gabe horma izanen zenik arratsean.  

Interesgarri izanen zaizu