Arrosa (Baxe Nafarroa)

Dominique Mirailh amikuztarra EHZko zeruan 1996an, betirako oroitzapenetan hegaldaka

“Auzolanaren Lurretan” EHZ festibalaren 30 urteko ibilbidea jorratzen duen liburua aurkeztu zuten joan den astean Donapaleun. Parada baliatu dugu Dominique Mirailh amenduztarraren oroitzapenetan ibiltzeko, festibalean parapentez salto egin zuelarik.

Dominique Mirailh amikuztarra EHZko zeruan 1996an, betirako oroitzapenetan hegaldaka
1996an zerutik hartu zituen argazkiak erakutsi dauzku Dominique Mirailhek. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/06/09 12:52

EHZ festibalean ibili bazineten 1996an Arrosako Zolaren gainetik zeruan hegal egiten zuen ikurrina baten oroitzapena gogoan ukan beharko zenukete, eta bere sokaren punttan, amikuztar hegalari bat. Lehen edizio horren kari lehen aldikotz, eta bigarren aldiz ondoko urtean, Amenduzeko Dominique Mirailhek parapentez salto egin zuen festibaleko oihal etxeen arten pausatzeko. EHZren historia markatu zuen irudia anitzentzat.

1996an eta 1997an, Dominiquek, bere parapente taldeak eta haien irakaslea Manex Mendibourek, EHZren idekitzera joaitea eta hegalaldi baten egitea imajinatu zuten. Parapente gutti zabaldua zen garai hartan, mendi tontorrera joaitea ikurrina bizkarraren gainean ezin ausartago zen. Euskararekiko maitasunak eta pasioak zituzten bultzatu. Azkenean, festibala gainetik ikusteko parada ukan zuten, eta bere animaleko karpa eta milaka jendeen gainetik, betirako oroitzapenak sortu.

Oihal etxeen artean pausatu ziren, besta egiten hasi aitzin. Eta momentua hainbeste loriatu zuten non bigarren edizioan errepikatzea erabaki zuten. Arrosatik at ere, festibala gainetik bizitu zuen Dominique Mirailhek. Idauze Mendin instalatu zelarik EHZ, Pagolatik salto egin zuen bere para-motorrarekin. Hara, gauez arribatu zen amikuztarra, musika eta besta jadanik hasirik, isil isilik pausatu zen.

Oroitzapenak paperean betiko finkatzea

2026ko edizioa 30. urtebetetzearena izanen da EHZ festibalarentzat. 'Auzolanaren Lurretan' liburua argitaratu berri du EHZ festibalak, 30 urteren errepasoa paperera jartzeko. Ekainaren 4an egin zuten Arrosatik Arberatzerainoko hiru hamarkadako ibilbidea jorratzen duen liburuaren aurkezpen ofiziala Donapaleun. '1996 - 2016' proiektuaren baitako bigarren ekoizpena da, otsailean estreinatu zuten 'Uhinen Ildoan' podcastetik landa. EHZ festibalak jakin duela garai eta testuinguru ezberdinei egokitzen erakusten entseatu dira sortzaileak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu