Duela hiru urte Ginea Konakrytik Donapaleura heldu zen Moussa. Gaur egun 17 urte baditu, eta bolanjeria ikasten du Donibane Garaziko okindegi batean. Gineatik Aljeriara, Aljeriatik Tunisiara, Tunisiartik Italiara, bere ibilbide gogorra kondatu dauku.
Abenduaren 18a etorkinen nazioarteko eguna da. Horren kari etorkin gazte batzuen ibilbidea kondatzen duen “Tout Va Bien” filma hedatuko du Donapaleuko Saint Louis zine gelak ostegun arrats honetan, 20:30etan. Horren ondotik Amikuze etorkinekin elkartea eta Donbosco egiturak solasaldi bat animatuko dute.
Aukera baliatu dugu Mathilde Alza Donbosco egiturako gizarte laguntzailea eta Donapaleun bizi den Moussa Diallo gazte ginearrekin mintzatzeko. Donbosco egiturako Donapaleuko ardatzak bost laguntzaile gizarte biltzen ditu barnekaldean, 40 bat gazte laguntzeko eguneroko arlo guzier dagokienez, izan dadin eskola, lana, aloimendua, edo aisialdiak.
Moussa Dialloren kasua da. Badira kasik hiru urte Donboscoko Donapaleuko ardatzean dela 17 urteko gazte hori. Ginea Konakrytik jinik, gaur egun, bolanjeria ikasten du Donibane Garaziko okindegi batean, aprendizgoan, eta bere diploma ikasturtearen bukaeran ukanen du. Bere erranetan, Moussa laketzen da, nola okindegian, hala Donapaleun. Gaur egun, Ipar Euskal Herrira jiteko hautua egin izaiteagatik uros bada ere, ez zen bere hautua, bere anaiarena baizik.
Haurra zen Moussa, bere anaia zaharrak erabaki zuelarik Ginea Konakrytik joaitea, haien aita zendu ondotik, oportunitate berrien eta bizi urosago baten ametsa zuelako. Bere anaia gaztea berarekin hartu zuen, haien ama agurtu aitzin. Moussa besopean, Afrikako iparraldeko herrialdeetara buruz abiatu zen nerabea, bere anaia gaztea abisatu gabe Europarako bidea hartu nahi zuela.
Ginea Konakrytik Aljeriara joaiteko, basamortua trabeskatu zuten anaiek, ber bidea segitzen zuten dozenaka bidaiarirekin. Lekuak eta egoerak inposatzen zituzten zailtasunez gain, tuaregen ezagutza egin zuen multzo ttipiak. Estortsioz hartzeko dirurik ez baitzuten, tuaregek haurrak eta “helduak” bereiztea erabaki zuten. Zaharrenak, eta Moussaren anaia beraz, Libiara igorririk, haurrak, eta Moussa beraz, Aljeriara eraman zituzten.
Egun hartatik Moussak ez du sekulan bere anaia berriz ikusi, edo berririk ukan. Haurra, bakarrik, Aljerian gelditu zen. Bidaiatzen zutenen artean, Senegaleko gazte batekin harremantzeko xantza ukan zuen, eta berarekin segitu zuen bidaia gogorra Moussak, sekulan ez ahantzi gabe bere erroak, ez bere familia, ez bere anaia. “Batzuetan ene anaia faltan botatzen nuen, baina banakien ezin nuela berarekin izan, eta beraz segitu behar nuen”.
“Batzuetan ene anaia faltan botatzen nuen, baina banakien ezin nuela berarekin izan, eta beraz segitu behar nuen".
Aljeriatik Tunisiara arribatu zen ginear gaztea. Lan eginez, eske ibiliz, eta egun ilun frango suportatuz, bi gazteek bizirik irauten eta aitzinatzen lortzen zuten. Moussa, epe hartan oraino, segitzaile gisa ibiltzen zen. Ez zakien zer ekarriko zion biharamunak, eta bere bidelaguna segitzen zuen, konfiantzaz bete. Hainbeste konfiantza, piragua hartu arte, azaltzen daukun gisa.
Beste behin, hautu handirik ukan gabe, Mediterraneoa trabeskatu zuen txalupa pneumatiko baten barne. Oren luzeak, oihuak, kulunkatzeak... Detaile guziez oroitzen da Moussa. Bide mugimendutsua izan zen beretzat. Eta ainitzek ukan ez duten xantza ukan zuen bere txalupak: bere pasaiant guziak heriotzaz babesten lortzea.
Arrantzari zonbaitek atxeman zuten galbidean zen ontzia. Tiratzen entseatu ondotik, sokorriak deitu zituzten, Europarako bidea behin betiko idekiz Moussa eta bere bidelaguner. Lampedusatik Napolira, Napolitik Lyonera, Lyonetik Pauera, azkenean Donapaleun bururatzeko bere ibilbidea. 2025ean, Moussak 17 urte baditu, frantsesa ikasi du, eta diplomaren lortzeko bidean da. Egun guziz, hautatu ez zuen bizi horren baliatzen entseatzen da, eta oharkabean, hautatu ez zituen zailtasuner aurre egiten die.