Agorrilaren 2an ospatuko dituzte Iratiko bestak Chalet Pedron, herri kirol, zikiro eta musikarekin egun osoan.
Hazpandarrak diren Stéphanie eta Beñat Goihenetxe dira Chalet Pedro jatetxearen jabe berriak. Ostatuarekin batean, ondoan diren bost aterpetxeak ere erosi dituzte. Lekuaren eguneroko kudeantza, alta, Iratiko bortuan ezagunak diren Argitxu eta Mirari Oureten esku da. Aintzildar laborariak dira biak, eta etxola ere badute Iratiko bortuan. Haiekin batean, Kattalin, Kattin, Xenki eta Ionek osatzen dute Chalet Pedroko ekipa.
Sei lagunek xede bera dute: leku goxo eta atsegina eskaintzea mendizale, ibiltari nahiz bisitari guzieri. Horretarako, hurbileko ekoizpenetan oinarritzen den sukalde sinple bezain zaindua proposatzen dute.
Egun osoa besta giroan
Lehen hitzordu haundia agorrilaren 2an izanen da, Iratiko bestekin.
Goizeko 8:30etan xingar eta arroltze askaltzeko. 10:30etan herri kirolak hasiko dira; parte hartu nahi dutenek sei laguneko taldeak osatu beharko dituzte.
Eguerditan, sasi ardikiarekin prestatutako zikiroa zerbitzatuko dute, eta U-Txarangak bazkaria alaituko du. Arratsaldean, Kontrabanda taldeak dantzaldia animatuko du, gauera arte.
Herri kiroletan izena emaiteko bai eta zikirorako lekua atxikitzeko, aitzinetik deitu behar da 05 59 28 55 98 zenbakira.