Behaskanen kokatzen da Oihantoa etxaldea, baina Donapaleutik biziki hurbil. Ikusten ez den hurbiltasun bat etxalde horretara arribatuz, besteak beste, Gillen eta Maiana Etxeberri anai-arrebak arbolak landatu dituztenetik.
Zer litzateke Oihantoa, oihanik gabe? Behaskanen kokatua da Gillen Etxeberriren etxaldea, Oihantoaren izenean ezaguna dena auzoan. Soja, kiwiak, garagarra edota lur-sagarrak biologikoan ekoizteaz gain, negu honetan 500 bat arbola landatu dituzte bere arreba Maianarekin. Epe luzean landu duten proiektu bat, Oihantoari bere oihanaren itzultzeko.
Leku sekretu bat iduri du Gillenen etxaldeak. Gorderik. Baketsurik. Alta, Donapaleutik biziki hurbil dira laborariaren lurreak, baina batez ere hiriko bidea, industria eta nahasmendutik. Bi mundu, kontrakoak, baina bata bestaren ondoan.
Hurbiltasun hori ez bada agertzen, Gillenen lanari esker, baita Maianaren laguntzari esker ere. Oihantoan sortu ziren anai-arrebak, eta behiak zituen auzoak erretreta hartu eta gero, Gillenek segida hartu zuen. Duela sei urte orain, trantsizioa egin zuten, eta trantsizioarekin batera, arnas berri baten sortzea Behaskaneko auzo ttipian.
Biologikoan lan egiten du, baina batez ere bio-aniztasuna eta eko-sistemari beha. Baziren urteak, Oihantoko arbola guziak desagertu zirela, edo hiltzen ari zirela, bata bestearen ondotik. Izenari zentzua berriz emaiteko, baina sustut naturari bere lekua itzultzeko, negu honetan 500 bat arbola landatzea erabaki zuten, hamar bat tokiko espezie nahasiz.
Alde batetik, lurrari aberastasuna emanen dakote arbola horiek, hezaduraren bidez batez ere, baina ekarriko duten aniztasunaren bidez ere. Bestalde, itzala, lasaitasuna, autoen harrabotsen kontrako babesa, edota azpi-egituretatik baztertzeko tresna izanen da, Oihantoko oihan berria.