Azken asteetan kabala bizien kontrako saien atakeak emendatzen direla dio ELBk. Sindikatuaren arabera, egoerak laborarien kezka handitzen du eta neurri bereziak hartzeko garaia dela uste du.
Azken aste hauetan, gero eta laborari gehiagok salatu dituzte saiek kabala bizien kontra egin dituzten atakeak. ELB sindikatuak dio gertakari horiek ez direla salbuespenak, eta kanpoko hazkuntzarentzat arrisku bilakatzen ari direla.
Sindikatuak bildu dituen lekukotasunen arabera, hainbat kasu larri gertatu dira azken egunetan. Horien artean, erditzen ari ziren behiak saiek atakatu dituztela aipatzen dute, kasu batzuetan animaliak hiltzeraino. Hazkuntza berean, hamar egunen barne, bi atake izan dira: lehenbizikoan, behi bat buru gainean kolpatua izan da, eta bigarrenean, hiru asteko ahatxe bat hil da ukan zaurien ondorioz. Erditzen ari zen behor bat ere doi-doia salbatu ahal izan dute jabearen esku-hartzeari esker.
Hazleen arrangura gero eta handiagoa
ELBk onartzen du saiak bere lekua baduela naturaren orekan eta garbitzaile naturalaren eginkizuna betetzen duela. Baina, sindikatuaren ustez, gaur egun egoera aldatu da.
Horrek ondorio ekonomiko handiak eragiten dizkie etxaldeeri, baina baita ondorio psikologiko gogorrak ere hazleeri. Gainera, laborariek salatzen dute ezintasun egoeran aurkitzen direla, saia legearen arabera hertsiki babestua den espeziea delako.
Kanpoko hazkuntzaren geroa jokoan
ELBren arabera, hartzaren eta otsoaren ondotik, saia ere gehitu behar zaio laborarien egunerokoa zailtzen duten harraparien zerrendari. Sindikatuak beldur du laborari batzuk bortxatuak izanen direla beren kabalak barnera sartzera, kanpoko hazkuntza uzteraino.
ELBk azpimarratzen du kanpoko hazkuntza ingurumenaren errespetuan, kabalen ongizatean eta kalitatezko elikadura ekoiztean oinarritzen den eredua dela. Horregatik, ez du onargarritzat jotzen eredu hori arriskuan ezartzea harraparien populazioaren garapenaren izenean.
Sindikatuak oroitarazi du, halaber, Xorien Babeserako Ligaren (LPO) datuen arabera, Frantzian 3.000 sai bikote inguru badirela gaur egun eta espeziea ez dela gehiago desagertzeko lanjerrean. ELBren ustez, gaur egun egiazki arriskuan dena kanpoko hazkuntzaren eredua da.
Neurriak galdegiten ditu sindikatuak
Egoera horren aitzinean, ELBk Estatuari hainbat neurri hartzeko deia egin dio. Batetik, saiaren babes-estatutua berriz aztertzea galdegiten du, gaur egungo populazioa kondutan hartuz. Bestetik, laborariei beldurrarazteko tiroak egiteko baimena ematea galdegiten du, beren kabalak defendatu ahal izan ditzaten. Azkenik, sindikatuak galdegiten du saien atakeek eragin galera ekonomikoak osoki indemnizatuak izan daitezen, Estatua bere erantzukizunak hartzera deituz.