Mintzaldi, kantaldi eta elgarretaratze uztailaren 23tik agorrilaren 13ra, Salbatore kaperaren inguruan.
Bosgarren urtez segidan, Kanta Hergarai taldeak antolatzen dituen Salbatore ostegunak berriz ere eginen dira Salbatore kaperaren inguruan. Uztailaren 23tik agorrilaren 13ra arte, lau ostegunez segidan, mintzaldi eta kantaldi.
Urtez urte arrakasta bildu duen moldeari atxikiz, arrats bakotxa 18:00etan hasiko da mintzaldi batekin. 19:00etatik goiti, taloak, ogitartekoak eta edatekoak eskainiko dira, eta 20:00etan kantaldia hasiko da, beti Kanta Hergarai taldearekin eta gaualdi bakotxeko gomita bereziekin.
Lau arrats, lau egitarau
Lehen hitzordua uztailaren 23an izanen da. Auguste Indaburu erlezainak erlauntzez eta erleez ariko da. Gero, Chloé Caset eta Kanta Hergarai taldeak ariko dira kantuz.
Uztailaren 30ean, Philippe Laplacek megalitoen misterioa ukanen du hizpide. Ondotik, Ortzaiztarrak eta Kanta Hergarai taldeek kantaldia eskainiko dute.
Agorrilaren 6an, Philippe Laplace berriz ere gomit izanen da, aldi huntan Garaziko historiari buruz mintzatzeko argazki eta irudi batzuren erakustaldi batekin. Gaualdia Xarnegutik jinen den Candeloup taldeak eta Kanta Hergaraik alaituko dute.
Azkenik, agorrilaren 13an, Pablo Martikorena prehistoriako tatuajeez mintzatuko da. Ondotik, Amets taldea eta Kanta Hergarai ariko dira kantuz, aurtengo Salbatore ostegunen sailari bururatzea emanez.
Kantaldien ondotik ere, solasak eta mihi-zintzurren trebatzea ez dira eskas izanen.