Olha lan toki partekatua estreinatu dute urriaren 9an, Bankan. Elkargoak eraiki 700 metro koadroko guneak enpresentzat bulegoak, lankidetzarako espazioak eta Kintoa Etxea biltzen ditu.
Aldudeko ibarreko ate idekiak abiatzearekin batera egin dute Olha gunearen estreina, joan den urriaren 9an. Euskal Hirigune Elkargoak eraman du proiektua, mendialdeko lurraldearen biziberritzea sustatzeko xedearekin. Enplegua sortzeko, jarduera ekonomiko berriak hartzeko eta biztanleen zerbitzuak garatzeko tresna izan nahi du Olhak. «Olha borondate kolektibo baten gauzatzea da», erran du Alain Iriartek, proiektuan parte hartu duten guziak zorionduz.
Enpresentzat eta profesionalentzat den gunea
Aldudeko Ibarra Beti Aitzina (AIBA) elkarteak du Olha gunea kudeatuko eta biziaraziko. Hamar urte baino gehiagoz haraneko hainbat proiektutan parte hartu du elkarteak, hala nola mikro-haurtzaindegian, garraio zerbitzuan eta artisau eremuan. Olharen animazioaz bi urtez arduratuko da.
Sei enpresa edo egitura instalatuak dira deia, baina guneak 30 enpresa edo proiektu-eramaile hartzeko gaitasuna du. Hogeita hamar profesionalentzako tokia eskaintzeko antolatua da, besteak beste, telelangileentzat, langile independenteentzat, elkarteentzat, ikasleentzat eta lanbide liberaletako kideentzat. Lankidetzarako hogei lanpostu ditu, nomada gisa edo egoiliar gisa erabiltzeko. Horrez gain, zortzi bulego pribatu badira, enpresak lekuan berean luzaz egoteko gisan. Bilkura gelak, inprimatzeko eta bideokonferentziak egiteko tresnak, sukaldea eta terraza ere eskura dira.
Kintoa Etxea eta tokiko produktuak
Olha gunean Kintoa Etxea ere bada, tokiko ekoizpenak ezagutarazteko interpretazio gunea. Ibarreko laborantzaren aberastasuna agerian ezarri nahi du guneak. Lurraldean ehun laborantza etxaldetik gora dira, baita elikadura-industriako hainbat enpresa ere. Euskal Hirigune Elkargoak 20.000 euroko laguntza eman dio proiektuari, laborantza politikaren baitan. Irailaren 15ean onartu zuten dirulaguntza, Elkargoko Kontseilu Iraunkorreko hautetsiek. Europako diru-laguntzak ere baditu.
Eraikinaren kostua 3,55 milioi eurokoa da. Euskal Hirigune Elkargoak 2.494.180 euro eman ditu; Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Akitania Berriko Eskualdeak eta Europako FEDER funtsek 300.000 euro bakotxak, eta Estatuak 155.820 euro.